Joan den asteko zurrunbiloa pasatzen uzteko asmoz egun batzuk igarotzen utzi dut aurrekoan esan dudan bezala. Oraingo honen bitartez bitxikeria bat kontatu nahi dut. Aste honetako astelehen goizerako Radio Nacional-ek egin beharreko elkarrizketa bat nuen hitzartua. Ez da lehenengoz Radio Nacional-ek Juan Ramon Lucas-ek zuzentzen duen “En días como hoy” programaren bitartez elkarrizketatu egiten nauana. Eta oraingo honetan ere elkarrizketa girotzeko zein abesti aukeratuko nukeen galdetu zidaten. Bada aurrekoetan Brian Adams, Bruce Springsteen, Bob Dylan edo Benito Lertxundi aukeratu ditudana. Ez da, ez, “b” hizkiaz hasten direlako bere izenak. Kasualitatea besterik ez da.

Joan den igandean zer abesti aukeratuko nukeen galdetu zidatenean lau abesti eman nituen aukeran: Benito Lertxundi-ren “Mirotzak”, Bruce Springsteen-en “Born in the U.S.A.”, Anje Duhalde-k Xalbador-en “Ama Euskal Herria”-ri egindako moldaketa eta, azkenik, Maná-ren “Vivir sin aire”. Ez dut esango zergatik igandean eta bapatean lau abesti hauek esan nituen. Bakoitzak pentsa dezala!